ARDI proiektuak aurrera dirau COVID-19a gorabehera
2020 urtea, inolako zalantzarik gabe, COVID-19arekin eta horren ondorioekin loturiko pandemiagatik gogoratuko da. Sektore guztiei eragiten die, nola edo hala, eta ikerketa-proiektuek egoera berri horretara egokitu behar izan dute beren plangintza.
ARDI proiektuari ere eragin dio. Proiektu horren helburuetako bat da ardi manex eta latxak hautatzeko eskemak batera kudeatzeko erakunde bat proposatzea. Hortaz, ezinbestekoa da mugaren bi aldeetako abeltzainen iritzia bildu eta egiaztatzea. Horretarako aurreikusitako bilerak ezin izan dira egin, muga barruko eta mugen artean ezarritako mugimendu-murrizketengatik, eta, hortaz, helburu hori lortzeko asmoa atzeratu egingo da. Murrizketa horiek bazkideen arteko aurrez aurreko bilerei edo elkarteetako teknikariek ganadutegietan egiten dituzten landa-lanei ere (esne-kontrola, kalifikazioak, etab.) eragin diete. Hala, proiektua koordinatzeko egindako bi bilerak modu birtualean egin dira.
Hala eta guztiz ere, gainerako helburuek tinko diraute aurrera, ezustekorik gabe. Metodologia berriak garatu egin dira, eta horiek ezartzea aztertu da. Hala, manex genetikak latxaren aldagarritasun genetikoan duen eragina ebaluatzeko metodologiak garatu dira; horiek modu objektiboan alderatu dituzte bi arrazen maila genetikoak eta, gainera, metodogia berriak abiarazi dira esnearen gantz- eta proteina-edukien ebaluazio genetikoa egiteko. Metodologia horiei esker, zehatzago ebaluatuko dira animalia gehiago eta esnea kontrolatzeko teknikaren errentagarritasun teknikoa hobetuko da.
Halaber, eta 2020an eskatutako segurtasun-protokolo guztiak betetze aldera, latx arrazan manex arrazaren 2.558 hazi-dosi sartu dira guztira: 2.061 dosi, latx muturgorrien 22 artaldetan, eta 497 dosi, Nafarroako latx muturbeltzen 7 artaldetan. Hortaz, guztira 7.101 dosi sartu dira proiektua garatzen ari den hiru urteetan. Latx eta manex arrazen arteko loturak sendotzea da helburua.
Garatu diren jarduera eta metodokia guztiek xede bera dute: arraza horiek lehiakorragoak izan daitezen ustiatzen diren ingurunean. Ardi horiek ustiatzeko sistema erdi-estentsiboak produktuak –esnea, gazta edo haragia– baino askoz gehiago ematen dizkio gizarteari; izan ere, paisaia iraunarazten, landa-ingurua garatzen eta suteak kontrolatzen laguntzen du, besteak beste.