ARDI proiektua COVID-19aren aurrean
Joan den 2020ko apirilaren 14an ARDI proiektuaren jarraipenerako bosgarren bilera egin zen. Aurten, COVID-19ak eragindako arazoen ondorioz, modu birtualean egin zen, SKYPE bidez. Bileran, bateko eta besteko jarduketen egoeraren jarraipena egin zen, eta gobernuek, pandemia egoerari aurre egiteko, mugimenduan ezarri zituzten murrizketek gehien kaltetutako zereginak edo ekintzak identifikatu ziren. Eta ondorioak aztertu ziren.
Arazo nagusiak hauen ingurukoak dira:
- abeltzainen elkarteak egiten ari ziren errendimenduen kontrola gelditu egin da. Ondorioz, kontrol gutxiago egiten dira, laktazio gutxiago kalkulatzen dira eta, gainera, ez dira hain zorrotz kalkulatzen. Laktazio horiek oinarrizkoak dira Manex hazia Latxa eskemen barruan sartzearen eragina ebaluatu ahal izateko, eta Manexaren hautapen genomikoa ezartzearen ondorioak analizatzeko.
- mugimenduen murrizketak. Ekintzaren oinarrian –bere helburua izanik Latxaren eta Manexaren hautapen eskemak batera kudeatzeko erakunde bat sortzea–, abeltzainen arteko iritzien trukea dago, eta kontraste bilerak egitea, birtualki nekez egin daitezkeenak. Ondorioz, helburu horrek atzerapen handia izango du.
Proiektuaren aurrerapenaren maila aztertuta, eta dagoen ziurgabetasun arazoa ikusita, erabaki zen POCTEFAri urtebeteko luzapena eskatzea.